ESPAINIAN ADINEZ NAGUSI DIREN HERRITARREN %61 GIZENAK DAUDE EDO PISU GEHIEGI DUTE

Nota de prensa
  • Jarduera fisikoaren promozioa eta elikadura orekatua dira egoera iraultzeko gakoak
  • Adituek azpimarratzen dute zaintza sistematikoagoa behar dela, herritar guztientzako prebentzio estrategiak ezarri behar direla eta gizentasuna dutenek laguntza espezifikoa behar dutela
  • Elikadura orekatua. Non gaude eta nora goaz? Zer ekarriko du nutrizioak etorkizunean izeneko lanean, gizarteak zer-nolako erronkak dituen aztertu dute nutrizio arloko adituek

Donostia, 2016ko azaroaren 4a.- EROSKI Fundazioak Elikadura Eskolaren seigarren topaketak egin ditu Donostian gaur goizean, Elikadura Orekatua leloarekin. Non gaude eta nora goaz? Zer ekarriko du nutrizioak etorkizunean. Inaugurazio ekitaldian, hor izan dira Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaria, Aitziber San Roman Donostiako Udaleko Ekintza Sozialeko zinegotzi delegatua eta Agustin Markaide EROSKIko presidentea.

EROSKIko presidente Agustin Markaidek eskertu egin du topaketan parte hartu duten osasuneko eta nutrizioko profesionalak hor izatea eta erakutsi duten interesa. "Eroskin gure asmoa da elikadura osasungarriagoa eta arduratsuagoa izan dadin laguntzea, bi modutan: lehena, kontsumitzaileari eskura jarrita produkturik onenak, errazagoa izan dadin dieta orekatuagoa osatzea, eta bigarrena, kontsumitzaileari informazioa eta prestakuntza emanda, irizpide hobeak izan ditzan bere dieta diseinatzeko orduan; konpromiso hori guztia gure helburu kooperatiboaren parte da. Gaurko jardunaldiari esker, diagnostikoa fintzeko eta lehentasunak markatzeko ekarpen baliotsuak lortu ditugu, kontsumitzaileentzako ekintza komertzialak eta heziketazkoak diseinatzeko".

Topaketaren helburua da nutrizioaren arloan gizarteari datozkion erronkei heltzea, haiek analizatzea eta haietaz eztabaidatzea. SENC Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko presidente Carmen Perez-Rodrigo izan da lehena hitza hartzen. Perez-Rodrigo doktoreak hauxe esan du: "Beharrezkoa da jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatuko dituzten programa komunitarioei eustea eta laguntzea, gizentasunarekin dugun arazo kezkagarriari buelta emateko". Egoera hori deskribatzeko orduan, Rodrigo doktoreak zenbait datu eman ditu Espainiako Herritarren Elikadura Ohiturak eta Nutrizio Egoeraren Azterketatik ateratakoak; azterketa hori EROSKI Fundazioak sustatua da, eta SENCen eta SPRIMen laguntza izan du. Doktorea izan da azterketaren koordinatzaile teknikoa.

ENPE azterketak azaldu du Espainiako jende helduen (25-64 urte) %39k gehiegizko pisua duela eta %22 gizenak daudela. Adinean gora joanez, igo egiten dira ehunekoak; hala dator Kardiologiaren Espainiako Aldizkariak argitaratu duen artikulu batean. Perez-Rodrigo doktoreak dioenez, "gizentasunaren prebalentzia handiagoa da Asturiasen, Galizian eta Andaluzian, eta txikiagoa EAEn, Katalunian eta Balearretan". Autonomia erkidegotik autonomia erkidegora aldatzen bada ere, Espainian handia da gizentasunaren prebalentzia. Horregatik, Topaketan azpimarratu dute zainketa sistematiko hobea behar dela batez ere arrisku handiena duten herritar taldeetan eta prebentzio estrategia orokorrak ezarri behar direla herritar guztientzat eta orobat asistentzia arloko ekintza espezifikoak arazoak dituztenentzat.

Gehiegizko pisuak eta gizentasunak duten prebalentziaren proportzioak batuta, %61ek du arazoa 25 eta 64 urte arteko herritar helduen artean: %70ek gizonetan eta %53k emakumeetan. Adinarekin asko handitzen dira gehiegizko pisua eta gizentasuna bi sexuetan, eta handiagoa da gizonetan adin tarte guztiei erreparatuta.

 

GIZENTASUNAREN ETA GEHIEGIZKO PISUAREN PREBALENTZIA HELDUETAN (25-64 URTE) ESPAINIAN

 
 
         
 

GIZENTASUNA

GEHIEGIZKO PISUA

GEHIEGIZKO PISUA + GIZENTASUNA

 

Asturias

%26

%41

%67

 

Galizia

%25

%44

%68

 

Andaluzia

%24

%39

%63

 

Murtzia

%24

%42

%65

 

Madril

%24

%39

%63

 

Aragoi

%24

%37

%60

 

Gaztela Mantxa

%24

%40

%64

 

Gaztela eta Leon

%22

%34

%56

 

Nafarroa

%21

%36

%57

 

Kanariak

%20

%40

%60

 

Valentzia

%20

%37

%57

 

Extremadura

%19

%38

%57

 

Errioxa

%18

%39

%57

 

Kantabria

%18

%39

%57

 

Euskal Autonomia Erkidegoa

%17

%34

%51

 

Katalunia

%16

%40

%55

 

Balearrak

%11

%32

%43

 

BATEZ BESTEKOA

%22

%39

%61

 

Iturria: ENPE Azterketa, EROSKI Fundazioak sustatua

Datu horiek hemendik hartu dira: “Prevalencia de obesidad general y obesidad abdominal en la población adulta española (25–64 años) 2014–2015: estudio ENPE”, Revista Española de Cardiología, 69. liburukia, 6. zenbakia, 579-587 or.)

 

 

ENPE Azterketak populazioaren azterketa epidemiologikoa egiten du 3 eta 90 urte bitarteko 6.800 pertsonako lagin batean oinarrituta; landa lanaren bitartez egin dira neurketak, elkarrizketak banan-banan eginda.

Dieta mediterraneora itzultzeko neurriak hartu behar direla esan du Rovira i Virgili de Reus Unibertsitateko Jordi Salas-Salvadok, Biokimika eta Bioteknologia Sailean aritzen dena bera eta Nutrizioan eta Bromatologian katedraduna; neurriak hartu bereziki heldu gazteentzat eta pediatriako adinean direnentzat. Salas-Salvadok balioa eman dio dieta mediterraneoari; izan ere, urte hauetan behin eta berriz egiaztatu dute dieta horretako elikagaiek osasuna babesteko mekanismoak dituztela. Esan duenez, PREDIMED azterketa —Salas-Salvado doktorea da sustatzaile nagusietakoa— "lehena izan da ebidentzia zientifiko handiarekin erakutsi duena dieta mediterraneoak oliba olioarekin edo fruitu lehorrekin osatuta %30 jaisten duela bihotzetik eta biriketatik jota eritzeko edo hiltzeko arriskua, gantz gutxiko beste dieta batekin alderatuta".

Basurtuko Ospitaleko Fernando Goñik, Endokrinologian eta Nutrizioan adituak, bere esperientzia azaldu digu hitza hartu duenean, eta euskal gizartearen ohitura osasungarriez jardun da. Goñi doktorea EROSKI Fundazioak sustatutako ENPE azterketan oinarritu da, zeinak euskal populazioaren ohitura osasungarriei buruzko datuak baitakartza. "Euskal Autonomia Erkidegoan nagusi da dieta mediterraneorarekin bat datorren eredua, eta beste leku batzuetan baino arrain eta ardo beltz gehiago kontsumitzen da", esan du. Alderdi txarra, berriz, hauxe aipatu du adituak: "Azken urteetan ugaritu egin da opilgintzako produktuen, hestebeteen eta freskagarrien kontsumoa, eta gazteen %80k baino gehiagok gomendatzen den gantz kopurua baino gehiago ahoratzen dute". Goñi doktoreak amaieran esan duenez, "erakunde publikoak eta pribatuak inplikatu egin behar dira, estrategia globalak har ditzaten gizentasuna borrokatzeko, XXI. mendeko pandemiatzat hartzen baita".

Topaketa amaitzeko, mahai inguru bat egingo dute, eta hor izango dira EROSKI Fundazioko Alejandro Martinez Berriochoa, Dolores Corella Valentziako Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Departamenduan Elikaduraren Zientzietako, Toxikologiako eta Legezko Medikuntzako katedradunak eta Bittor Rodriguez EHUko Elikagaien Zientzia eta Teknologiako doktorea eta Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusia.

Corella doktoreak, aurrendaria Espainian datu genomikoak ikerketa epidemiologiko tradizionaletan txertatzen, nutrigenomikaren bitartez dieta nola pertsonaliza daitekeen azalduko du, eta arreta berezia ipiniko du bihotz-biriketako gaixotasunen eta gizentasunaren arloan dituzten interakzioetan.

Bittor Rodriguez doktoreak, berriz, jakinaraziko du zer-nolako aurrerapenak izan dituzten Gasteizko Nutrizio Behatokiak fruitu eta barazki kontsumoa ikasleengan sustatzeko daraman programan, izanez ere aholkularitza zientifikoko batzordeko kidea baita bera. Behatokia 2010ean sortu zuten, Gasteizko Udalarekin eta EHUko Unibertsitatearekin ituna eginda, ohartu baitziren hamar ikasletatik bik bakarrik jaten zutela fruta kopuru egokian eta hamarretik batek barazkia.

AZTIko zuzendari nagusiak, Rogelio del Pozok, elikaduraren eta emozioen artean zer-nolako lotura dagoen aztertuko du; horretarako, elikadurarekin zerikusia duten elikagaien sentsorialtasunaren ikerketetan oinarrituko da, zeinak erakusten baitute nolako garrantzia duen kultura gastronomikoak gure zentzuak moldatu eta ingurunera egokitzen laguntzeko orduan. Era berean, ikerketek erakusten dute elikagaiak onartzeko edo ukatzeko erabakien %90etan ikusmenak eta usaimenak eragiten dutela. 

Egunari amaiera emateko, hitza hartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketarako sailburu Maite Peñak, Basque Culinary Centerreko I+G+b proiektuetarako zuzendari Elena Urdanetak eta EROSKI Fundazioko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak. Ikusleek pintxo bat dastatzeko aukera izango dute, Iñigo Cojo Basque Culinary Centerreko I+G zentroko ikerlari chefak egina, sukaldaritza teknika berritzaileak eta osasungarriak erabilita.