OSASUNEKO PROFESIONALEK HAURREN GIZENTASUNA NOLA PREBENITU EZTABAIDATU DUTE EROSKI FUNDAZIOAREN ELIKADURA ESKOLAREN IV. TOPAKETAN

Hiriburu Gastronomikoaren inguruan antolatu dute jardunaldia

OSASUNEKO PROFESIONALEK HAURREN GIZENTASUNA NOLA PREBENITU EZTABAIDATU DUTE EROSKI FUNDAZIOAREN ELIKADURA ESKOLAREN IV. TOPAKETAN

  • Gasteizko alkateak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak eta EROSKIko presidenteak inauguratu dute eguna
  • Espainiako Herritarren Nutrizio- eta Elikadura-Ohiturak EROSKI sustatzen ari den azterketako zuzendari zientifikoak, Aranceta doktoreak, atariko datuak aurkeztu ditu, 1.700 pertsonari baino gehiagori egindako hasierako inkesta sortatik. Datuek ageri dutenez, Espainiako herritarren %11k bakarrik aldatzen dute dieta osasun arazoak dituztenean.
  • Honela esan du Ignacio Diez doktore eta Txagorritxuko Unibertsitate Ospitaleko Haurren Endokrinologia Unitateko arduradunak: "Haur obesitateak abordatze globala behar du, hasi gizartetik, hezkuntzatik, legeditik eta elikagaien industriaraino"

Gasteiz, 2014ko abenduaren 10a.- Gasteizko Artium Arte Garaikideko museoan, gaur egin dute EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolaren IV. Topaketa. Osasuntsu jan, indartsu hazi. Haurren gizentasunari aurre hartzeko erronkak. Oraingoan, Gasteizen izan da, 2014ko Hiriburu Gastronomikoa han ospatzen ari direla aprobetxatuta. Inaugurazioan; hor izan dira Gasteizko alkate Javier Maroto, Eusko Jaularitzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegra eta EROSKIko presidente Agustin Markaide. Markaidek, lehenengo, eskertu egin ditu Osasun eta Nutrizio, Psikologia eta Hezkuntza profesionalak, hara agertzeagatik eta topaketagatik azaldu duten interesagatik, eta berretsi du EROSKIk helburu sendoa duela "osasunaren aldeko proiektuetan laguntzeko eta horiek babesteko". Dioenez, "gure eredu kooperatiboari atxikia da ohitura osasungarrien zabalkundea eta gizarte heziketa; horretan, lidergoa darama EROSKIk bere sektorean; izan ere, Espainian ekimen aurrendariak gauzatu ditu horren inguruko jakintza, kontzientziazioa eta heziketa sustatzeko".

Topaketaren helburua izan da abordatzea, aztertzea eta eztabaidatzea gizartean gero eta esku hartze politiko eta osasun tratamendu gehiago izaten ari den osasun arazo bat: haurren gizentasuna. Osasun publikoko adituek, endokrinoek, pediatrek eta haur psikologoek Espainia guztian haurren gizentasuna prebenitzeko erronka planteatu dute.

Bere hitzaldian ("Haurren gizentasunaren arazoa ulertuz. Horri aurre egiteko gakoak"), hauxe gogorarazi du Ignacio Diez doktore, Arabako Gasteizko Txagorritxuko Unibertsitate Ospitaleko Haurren Endokrinologia Unitateko arduradun eta Euskal Unibertsitateko Pediatriako irakasle elkartuak: Espainian oraindik ere oso larriak eta arriskutsuak direla adingabeen gizentasunaren azken datuak eta oso hurbil daudela AEBetakoetatik. Gainera, Diez doktorearen arabera, "ikerketa batzuetan datorrenez, Espainia da Europako haurren gizentasunean liderra". Bestalde, "haurtzaroan izandako gizentasunak gainditzen zailak diren ondorio larriak eragin ditzake; esaterako, 2 motako diabetesa, loezintasuna eragiten duen apnea, hipertentsioa, dislipidemia, sindrome metabolikoa, arazo kardiobaskularrak eta minbizia, baita harreman sozialetarako arazoak ere".

Hitzaldiaren amaieran, Diez doktoreak esan du haurren gizentasunak abordatze globala behar duela eta estrategiak batu behar direla hasi arlo sozialetik, sanitariotik, hezkuntzazkotik, legeetatik eta industriaraino, dagoeneko munduko pandemiatzat hartua den arazo honi behar bezalako erantzuna emateko.

Espainiako herritarren nutrizioaren erradiografia

Javier Arancetak eman du topaketako bigarren hitzaldia; bera MD doktorea da Medikuntzan eta PhD Nutrizioan, eta Nutrizio Ikerketarako Fundazioko mediku zuzendaria da; hark aurkeztu ditu EROSKI Fundazioak sustatutako azterketaren emaitzak Espainiako Herritarren Nutrizio eta Elikadura Ohiturei buruz. Aranceta doktore eta ikerketa zientifikoko zuzendariak esan duenez, helburua hauxe da: "Espainiako herritarren nutrizio egoera ezagutzea, elikadura ohituren ebaluazioa eginda, horien ponderazio egoera aterata eta eragiten duten faktoreak aztertuta, gero herritarren nutrizio egoera optimorako estrategiak martxan jartzeko". Ikerketa anbiziotsua eta aitzindaria Espainian, martxan den osoena eta guztira adin guztietako 6.800 pertsona hartzen dituena. Doktoreak esan bezala, emaitzek balioko dute "elikadura orekatuaren eta bizimodu osasungarrikoaren aldeko ekintzak planifikatzeko".

Aranceta doktoreak EROSKI Ikerketako datu batzuk aurreratu ditu: 1.700 pertsonari egindako atariko inkestetatik, "galdekatuen %10,9k bakarrik aldatzen dute dieta osasun arazo kronikoak dituztenean". Azterketako lehen fase honetako beste ondorioetako bat: "Galdekatu gehienek egiten dituzte eguneko hiru otordu nagusiak, nahiz eta nutrizio aditu nagusiek dioten egunean bost egitea komeni dela".

Bestalde, Enrique Arranz doktore eta Familiaren Psikologiako katedradunak —Saila: Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena Psikologia Fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea— bere hitzaldian azaldu duenez (“Familia-testuingurua eta elikadura-ohiturak lantzea”), batera aztertu dituzte bi aldaera: familiaren testuingurua eta haurren eta nerabeen elikadura ohituren garapena. Doktoreak nabarmendu du zer inportantea den gurasoak elikadura jarrera egoki bat izateko gaitasunez jabetzea.

Gainera, jardunaldietan, diziplina askotatik landu dute pandemiaren gaia mahai inguru batean ("Haur gizentasunaren prebentzioa: diziplina-anitzeko begiratu bat etorkizuneko erronkei aurre egiteko"), eta, arestian aipatutako adituez gainera, Jon Zuazagoitiak parte hartu du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako zuzendariordea bera. Hitza hartu duenean, azaldu du gobernua zer-nolako neurriak eta ekimenak ari den lantzen haurren gizentasunari aurre egiteko; batetik, Mugiment aipatu du, jarduera fisikoa sustatzeko proiektua; bestetik, 2015eko osasun elikadurarako estrategia; eta, bestetik, Osasun Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa, haur eskoletan eta ikastetxeetan elikadura, heziketa nutrizionala eta kirol kanpainak garatzeko.

Jardunaldia amaitzeko, EROSKI Fundazioko zuzendari Alejandro Martinezek eman du hitzaldia: "EROSKI Elikadura Eskola: azken aurrerapenak ohitura osasungarriak sustatzeko lanean", eta azaldu du zer xede, ekimen eta proiektu diren martxan, berriz azpimarratuz EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolaren helburua dela "elikadura orekatua eta bizimodu osasungarria sustatzea". Gaur egun, Elikadurari eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programa ari da lantzen Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikastetxeetan, eskola orduetan eta tailer praktikoetan; gaur arte, Espainia guztiko 288 ikastetxetako 19.000 ikaslek hartu dute parte.

Gasteizko alkateorde Miguel Garnicak eta EROSKI Fundazioko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak itxiko dute topaketa arratsaldean.

 

EROSKIren Elikadura Eskolaren IV. Topaketaz gehiago jakiteko,

Nieves Herranz: nieves.herranz-garcia@sprim.com

Laura Sanz: laura.sanz@sprim.com

Tel:91 577 90 65

 

EROSKIz eta EROSKI Fundazioaz gehiago jakiteko,

Ziortza Beristain: zberistain@consejerosdelnorte.com

Edurne Izquierdo: eizquierdo@consejerosdelnorte.com

Tel:944 158 642

IV ENCUENTRO de la escuela de alimentación
IV ENCUENTRO de la escuela de alimentación