EROSKI FUNDAZIOAK ELIKADURA OSASUNTSUA SUSTATUKO DU "IMAGINE FOOD" LEHIAKETAREKIN

Martxan da, hirugarren urtez, Elikadura eta Ohitura Osasungarriak Heziketa Programa, "Hazteko energia" izenekoa

EROSKI FUNDAZIOAK ELIKADURA OSASUNTSUA SUSTATUKO DU "IMAGINE FOOD" LEHIAKETAREKIN

  • Gaurtik aurrera, 6 eta 12 urte arteko ikasleek hartu ahalko dute parte marrazki lehiaketan.
  • Finaleko 30 marrazkiak Peio Gartzia chefak interpretatuko ditu, eta liburu batean bilduko dituzte.

Elorrio, 2014ko urriaren 6a.- Ikasturtea hastearekin batera, Elikadura Eskolaren hirugarren Elikadura eta Ohitura Osasungarriak Heziketa Programaren barnean, “Imagine Food” marrazki lehiaketa jarri du martxan EROSKI Fundazioak, 6 eta 12 urte arteko ikasleentzat. Helburua da  ikasleak eta irakasleak elikadura orekatua eta osasungarria eramatearen garrantziaz kontzientziatzea. Horretarako, lehiaketak bi erakargarritasun ditu. Batetik, hiru marrazkirik onenak bozkatuko dituzte, eta bestetik, finaleko 30 marrazkiak Peio Gartzia chefak interpretatuko ditu, eta errezeta liburu batean bildu.

"EROSKI Fundazioan txikienengan pentsatu dugu proiektu honetan, irudimena landuko baitute errezeta burutsuak eta originalak marraztuta. Lehiaketa honetan, ikusiko da elikagai osasungarriekin ere ongi pasa daitekeela eta maiz behartuta bezala egiten dena dibertigarria izan  daitekeela", esan du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKI Fundazioko zuzendariak.

Parte hartu nahi duten ikastetxeek lege oinarriak ikus ditzakete imaginefood.escueladealimentacion.es webgunean, eta izena eman, dohainik, marrazki digitalizatuak igortzeko (JPG, GIF eta PNG), gaurtik hasi eta azaroaren 15era arte, 15a barne. Lehen 30 finalistak hautatzeko, epaile  arituko dira Eduardo Cifrian EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolako arduraduna, Peio Gartzia sukaldari profesionala eta Elena Urdaneta Basque Culinary Centerreko I+G-ko zuzendaria. Webgunean izena ematen duten ikasleek hamar gogokoenen aldeko botoa eman ahalko dute.  Gero, epaileak erabakiko du zein hiru marrazkik irabazi duten. Hiru marrazkiak hautatzeko orduan, errezetak menu osasungarri baterako balio duen aztertuko da, originaltasunari, estetikari eta egokitasunari erreparatuta.

“Ikasketa maila bakoitzeko irabazle bat izango da (1., 2. eta 3. maila), eta ikasleez gainera ikastetxeak ere sarituko dira. Irabazle bakoitzari bizikleta bat emango zaio, eta ikastetxeari 2.000 euro, instalazioak hobetzeko lanetarako. Horretaz gainera, finaleko 30 errezetak umearen  irudimenetik Peio Gartzia chefaren sukaldera igaroko dira; izan ere, liburu batean argitaratuko dituzte", azaldu du Alejandro Martinez Berriochoak.

IKASLEENTZAKO III. HEZIKETA PROGRAMA

Lehiaketa honen sorburuan, EROSKI Fundazioaren hirugarren Heziketa Programa dago, "Hazteko energia" izenekoa, eta helburua da haurrengan bizi ohitura eta elikadura osasungarriak sustatzea.

Aurtengoan parte hartu nahi duten ikastetxeek izena eman dezakete webgune honetan: www.escueladealimentacion.es. "Ikastetxe asko ari dira izena ematen. Irailaren amaieran, tokien herena beteta genuen, 6.000 ikasle baino gehiago eta 200 lantegi hitz emanak", esan du EROSKI  Fundazioko zuzendariak.

Programaren aurreko bi aldietan, Espainiako 300 ikastetxetako 16.000 haurrek baino gehiagok eman zuten izena, eta alor askotako batzorde zientifiko bat izan zuen, medikuntzakoak, nutrizio eta dietetikakoak, psikopedagogiakoak eta pedagogiakoak.

Orain arte bezala, ikasgelako saio teorikoak eta tailer praktikoak konbinatuta, ikastetxeetako Heziketa Programak ikasgai berriak dakartza ikasleei heziketa hobea emateko elikadura eta bizi ohitura osasungarrien inguruan. Hala, hiru saio berri egongo dira ikasleen jakintza handitzeko:  'Nire herriko produktuak', 'Nutrizioa munduan' (UNICEFekin lankidetzan) eta 'nola elikatu eta zaindu nire mundua’ (WWFren laguntzarekin).

Zortzi saiotan banatuko dituzte eskolak, eta beste bi tailer izango dira ikasitakoa praktikatzeko. 'Erosketa egiten menu osasungarria prestatzeko' ohikoaz gainera, aldi honetan 'Nire herriko produktuak' izenekoa gehitu dute, haurrek beren komunitateko nekazaritzako elikagaien jatorria  ekoizleen lantokietan ezagutzeko; hala, tokiko ekoizpenak duen garrantziaz jabetuko dira.