Atariko emaitzen aurkezpena SEMERGENen Bilboko Kongresu Medikoan
EROSKI-K SUSTATUA DA JATEKO OHITURA OSASUNGARRIEN IKERKETA ZIENTIFIKORIK OSOENA
- EROSKI Fundazioak sustatuta, ikerketa bat egingo dute, Espainia guztiko 6.800 herritarren ezaugarri dietetikoak hartu eta haien osasun egoerarekin zein zerikusi duten aztertzeko
- Horri esker, gainera, elikadura orekatua eta bizi estilo osasungarria bultzatzeko ekintzak planifikatuko dira
- Atariko emaitzekin, elikadura aldaketak identifikatu dira; esaterako, gantzetan eta animali jatorriko gantzetan aberatsak diren elikagaien murrizketa, gatz eta azukre gutxiago kontsumitzea eta eguneroko errazio kopurua txikitzea
Bilbo, 2014ko urriaren 10a.- Bilbon egun hauetan egiten ari diren SEMERGEN - Lehen Mailako Arretarako Espainiako Medikuen Elkartearen 36. biltzarrean, EROSKI Ikerketaren atariko emaitzak aurkeztu dizkiete gaur Espainiako herritarrei, herritarren bizi ohituren eta nutrizio egoeraren inguruan.
Espainolak gero eta gehiago kezkatzen dira beren osasunaz; asko eragiten diete, besteak beste, bizi ohiturek eta elikadurak. Ikerketa honen helburua da Espainiako herritarren jateko ohiturak ezagutzea eta ebaluatzea, autonomia erkidegoetatik 6.800 pertsonako lagin esanguratsua hartuta. Espainian egin den ikerketarik osoena da egundaino, EROSKI Fundazioak martxan jarria, elikadura orekatua eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko.
Alejandro Martinez Berriochoa EROSKI Fundazioko zuzendariak honela esan du: "Proiektu handinahia da, eta osasunarekin hartuta daukagun konpromisoa berresten du; espero dugu komunitate zientifikoarentzat eta osasuneko profesionalentzat erreferentziazkoa izatea. Gainera, EROSKIren Elikadura Eskolarako balioko du, kontsumitzailearen formakuntza jardueretan orientatzeko", gehitu du.
Javier Aranceta doktorea da EROSKI Ikerketako zuzendari zientifikoa. Alor horretan dihardu, Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkartearen Batzorde Zientifikoko lehendakari (SENC) eta Nutrizioaren Espainiako Akademiako lehendakariorde (AEN). Hitza hartzean, Aranceta doktoreak hau esan du: "Krisi ekonomikoaz geroztik jateko ohituren eta nutrizio egoeraren gainean egin den ikerketarik zorrotzena eta osoena da. Horri esker, Espainiako elikadura ereduak ebaluatu ahalko ditugu, eta gure herrialdeko jateko ohiturak eta bizi estiloak hobetzeko ekintzak planifikatu ahalko dira".
Hamabi hilabete iraun du landako ikerketak, eta banan-banan jaso dira autonomia erkidegoko 400 pertsonaren datuak; laginaren barnean daude bai helduak eta bai haurrak, sexuka, adinka eta beste zenbait aldagai soziodemografikotan banatuta.
EROSKI Ikerketak bereziki balioko du informazio kuantitatibo xehea izateko Espainiako herritarrek ahoratzen dituzten elikagaiez, haien jatorriez eta nutrizio estatusaz. Horretaz gainera, hari esker, herritarren zenbait estraturen ezaugarri dietetikoak analizatu ahalko dira, eta beren osasunarekin zein zerikusi duten aztertu. Garaiera, pisua eta beste zenbait neurri antropometrikoren lagin esanguratsu bat ezagutu ahalko da, eta horiek datu soziodemografiko-dietetiko eta osasunekoekin alderatu eta aztertu. Era berean, komunitate zientifikoak elikagai espezifikoez gomendatzen duen kopurua baino gehiago edo gutxiago ahoratzen duten pertsonak ebaluatu ahalko dira, baita herritarren jarduera fisikoa zenbatekoa den ere.
Aranceta doktoreak hitza hartzean nabarmendu duenez, "apirilean, EROSKI Ikerketaren abiapuntu gisa, inkesta pilotu bat egin genuen EAEn eta Nafarroan". Horri buruz ari dela: "Lagin pilotu horren emaitzak mugatuak izanik ere, Espainiako biztanleria osotik herritar kopuru txiki eta ez-esanguratsu bat bakarrik hartzen baitute, balio izan dute herritarrak gaixotasun kroniko ohikoenak jotzen dituenean elikaduraz nola aldatzen diren identifikatzeko".
Hasierako txostenetik ateratzen diren ondorioek zera adierazten dute: osasun egoeraren ondorioz edo patologia kroniko zenbaiten ondorioz, galdekatutako batzuek moldaketak egin behar izan zituzten ohiko dietan; honako kategoria hauetan labur daitezke moldaketa horiek: gantzetan aberatsak diren elikagaien murrizpena, azukreetan aberatsak diren elikagaien murrizpena eta kontsumitzen diren kopuruak edo kantitateak txikitzea.
Gorputz masaren indizeari dagokionez, Aranceta doktoreak nabarmendu duenez, proba pilotuan gizonek obesitate prebalentzia handiagoa azaldu zuten emakumeek baino. Gehiegizko pisuaren prebalentzia, berriz, handiagoa izan zen emakumeetan. Gehiegizko pisua edo obesitatea detektatzeko, pazientearen gorputz masaren indizea (GMI) hartzen da kontuan; horrela, pertsona batek, gehiegizko pisua izateko, 25 eta 29,9 artean behar du GMI; obesitaterako, berriz, GMI 30 edo handiagoa izan behar du.
Nutrizio aditu nagusiek, besteak beste, SENC Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteak, egunean bost otordu egiteko gomendatzen dute; ikerketa pilotutik ateratako datuen arabera, gehienek gosaria, bazkaria eta afaria egiten dute; gutxiagok hartzen dute zerbait goiz erdian, arratsalde erdian edota afaldu eta gero.
Aranceta doktoreak esan duenez, "ikerketa amaitu arte egon beharko da Espainiako gizartearen zatikako emaitzak, emaitza osoak eta estatistikoki esanguratsuak izateko".
EROSKI Ikerketari buruz:
EROSKI Ikerketa, Espainiako herritarren jateko ohiturez eta herritarren nutrizio egoeraz
- Ikerketan erabili den jende kopurua: ausazko 6.800 pertsona.
- 400 pertsona autonomia erkidego bakoitzeko.
- Hamabi hilabeteko ikerketa izango da, eta ondorioak pixkanaka azalduko dituzte, urtea aurrera joan ahala.
- Lau adin talde izango dira: 3-8 urte artekoak, 9-18 urte artekoak, 19-64 urte artekoak eta 65 urtetik gorakoak.
- Behin baino gehiagotan jo da pertsona bakoitzarengana galdera egiteko, besteak beste, jateko ohiturez, historia dietetikoaz, izandako gaixotasunez, kontsumitzen dituzten botikez, jarduera fisiko maila tipifikatzeko, elikagai segurtasunaz, etiketez eta elikagaien eta nutrizioaren gaineko jakintzaz.
- Ikerketaren hasierako fasean, asmoa da jakitea zein den elikadura ohituren egoera, zein den herritarren bizi estiloa eta zein diren faktore erabakigarriak, etorkizunean osasunaren aldeko ekintzak zientzian oinarritutako irizpide objektiboen eta iraunkorren arabera prestatzeko.
EROSKI Ikerketaz gehiago jakiteko,
Nieves Herranz: nieves.herranz-garcia@sprim.com
Laura Sanz: laura.sanz@sprim.com
Tel.: 91 577 90 65
EROSKIz eta EROSKI Fundazioaz gehiago jakiteko,
Ziortza Beristain: zberistain@consejerosdelnorte.com
Edurne Izquierdo: eizquierdo@consejerosdelnorte.com
Tel.: 944 158 642