Bikoiztu egin da izena eman dutenen kopurua aurreko ikasturtetik
460.000 IKASLEK BAINO GEHIAGOK PARTE HARTU DUTE EROSKI-REN ELIKADURA ESKOLAN 2017-2018KO IKASTURTEAN
- Programak Espainiako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailak hartzen ditu, eta ikasle guztietatik ia %16k esku hartu dute ekimenean
- Espainiako Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %28,5ek parte hartu dute programan 2013an hasi zenetik
- Ekimen honen asmoa da ikasleak sentsibilizatzea, eta erakustea zeinen garrantzitsua den modu orekatuan elikatzea eta bizimodu osasungarria egitea
- Ikasturte honetan, Basque Culinary Centerreko sukaldariak ere aritu dira eskolak ematen
- Datorren ikasturtean, 'Ikasgelako chefa' izeneko tailerraren bideo bat egin asmo dute berritasun gisa, eta bisitak egingo dizkiete nekazaritzako elikagaietan diharduten beste ekoizle batzuei.
- Joan den urtean, saritu egin dute EROSKI Fundazioaren Elikaduraren Heziketa Programa, 2016an Espainian landutako GEK komunikazioekintzarik onenetako bat izan zelako.
Elorrio, 2018ko ekainaren 29a.- Seigarren ekitaldia izan du Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programak (PEAHS), eta Estatu osoko 460.401 ikaslek parte hartu dute, 3.192 ikastetxetatik etorriak (Lehen Hezkuntzakoak guztiak). EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak lantzen du ekimen hori. Programak Espainiako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailak hartzen ditu, eta ikasle guztietatik ia %16k esku hartu dute ekimenean; Espainiako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietatik %23k parte hartu dute amaitu berri den 2017-2018ko ikasturte honetan. "Aurreko ikasturtearen aldean, nabarmen igo dira bai ikasle kopurua eta bai ikastetxe kopurua, %143 eta %89 hurrenez hurren. Datu horiek erakusten dute programak balorazio baikorra izan duela; gainera, azken lau urteetan zazpi bider handitu da partaide kopurua.
Programa 2013an abiatu zenetik, Espainia guztiko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %28,5ek eman dute izena. "Gure heziketa programaren helburua zera da, Lehen Hezkuntzako haurrak eta haien ingurunea sentsibilizatzea elikadura orekatua eta ohitura osasungarriak hartzeaz, horrela jaitsi ahal baita obesitatea, gero eta ugariagoa dena, nola eta beren neurrira eginiko programa honi esker, zeinak sano jaten eta bizkor hazten erakusten baitie", esan du EROSKI Fundazioko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak. "2013an jarri genuen abian programa hau, eta geroztik, 3.968 ikastetxetako 869.411 ikaslek parte hartu dute", esan du.
Osasunaren eta Iraunkortasunaren konpromiso berrituetatik hirugarrenari dagokio, eta haur obesitateari aurre hartzeko asmoz egina dago. Programa egiteko, Batzorde Zientifiko bat egon da, zenbait arlotako profesionalekin: medikuntza eta pediatria, nutrizioa eta dietetika, psikopedagogia eta pedagogia. "Urtez urte, programa bizkortzen eta hobetzen ari da bertan parte hartu duten irakasleen balorazio eta ekarpenei esker", azaldu du EROSKI Fundazioko zuzendariak.
Datorren ikasturterako berritasunak
Ikasgelan lantzeko hamar saio didaktiko ditu programak, eta beste hiru tailer praktiko, ikastaldia osatzeko. Ikasleek erosketa osasungarria egiten ikasten dute EROSKIren denda batean, eta aukera dute elikagaiak ekoizten dituen nekazari baten etxaldea ikusteko, bertatik bertara ezagutu dezaten janaria nondik datorren.
Edukien medioz, elikadura orekatuaren oinarrizko elementuak erakusten zaizkie ikasleei, eta horrekin batera, ohitura osasungarriak, tokiko produktuen gaineko ezagutza, munduko kulturetako dieta askotarikoak eta planetaren iraunkortasuna lantzen ditu. Elikadura Eskolaren kolaboratzaileak dira Unicef, WWF eta Bihotzaren Espainiako Fundazioa, eta heziketa programako edukien zati bat prestatu dute.
2017-2018ko ikasturtean, ia 1.000 tailer izan dira EROSKIren 202 dendatan, eta kasik 20.000 ikaslek parte hartu dute. "Aurten, dendan egin ohi ditugun tailerrak birformulatu ditugu, dibertigarriagoak eta didaktikoagoak izan daitezen, eta beste tailer formatu bat eratu dugu dendarako, 'Ikasgelako chefa' izenekoa; horrez gain, familian egiteko moduko jarduerak ere sartu ditugu, horrela ikasgelan eta tailerretan ikasitakoa praktikan jarri ahalko dute etxean", azaldu du Martinez Berriochoak.
Datorren ikasturtean, beste eduki eta jarduera batzuk sartuko dituzte. "Beste formatu batzuetan egingo dugu 'Ikasgelako chefa' tailerra; esaterako, bideo bat egingo dugu, eta tokiko elikagaien ekoizle kopurua igo, tailer gehiago izan daitezen; izan ere, arrakasta handia dute. Horrekin batera, ikasbideak berrikusteko modulu bat sartuko dugu, programaren osagarri; horrela, hiru hilean behin azpimarratuko diegu dieta osasungarriak eta orekatuak nolako garrantzia duen elikatzeko orduan, eta aldi berean, unitate didaktikoen jarduerak gaurkotuko ditugu", iragarri du EROSKI Fundazioako zuzendariak. Bestalde, hirugarren aldiz egingo dute Imagine Food, errezeta osasungarrien gaineko marrazki lehiaketa, eta formatu berria edukiko du. 2017-2018ko heziketa programan interesatuta dauden ikastetxeek izena eman dezakete, www.escueladealimentacion.es webgunean edo 946 072 841 telefonora deituta.
OCARE saria, beste aitorpen bat Heziketa Programarentzat
EROSKI Fundazioak elikadura osasungarriagoa sustatzeko sortu duen heziketa programak aitorpen ugari izan ditu. Besteren artean, OCARE saria, iaz irabazia,"gizarte zibilari begirako GEK komunikazio kanpainarik onenagatik". OCAREk, enpresa-erantzukizunaren komunikazioa eta ekintza behatzeko entitateak, saritu egin du Elikadura eta Ohitura Osasungarriei Buruzko Heziketa Programa; sariarekin aitortu diotenez, GEK komunikazio-ekintzarik onenetako bat izan da 2016an Espainian. OCARE sarien helburua da aitortzea zein ekimen eta ekintza izan diren onenak GEK Gizarte Erantzukizun Korporatiboren inguruan.
Heziketa programak aitorpen ugari pilatu ditu; besteren artean, “El Chupete” saria Haur Komunikazioaren Nazioarteko Jaialdian, adingabeekin landutako komunikazioa aitortzeko; NAOS saria, Osasun eta Kontsumo Ministerioak emana, kontsumitzaileen osasunerako egindako ekarpenagatik eta ohitura osasungarriak hedatzeagatik; Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Gosasun Zigilua; Herritarren Saria Osasunaren eta Bizi Kalitatearen arloan; eta Nutrizioaren Kataluniako Zentroaren Saria.