Etorkizuneko elikadurari begira
Biharko nutrizioa: erronkak, aukerak eta ikuspegiak
2015-11-26
PALACIO EUSKALDUNA, BILBAO
Jardunaldi honetan ere, elikadura egokia eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko moduak aztertuko ditugu, horiek dira-eta EROSKI Fundazioaren eta haren Elikadura Eskolaren muin-muineko helburuak. Baina oraingoan etorkizunari begira jarriko gara. Espainiako herritarren egungo egoera abiapuntu hartu (nola jaten dugu, zer-nolako bizi-ohiturak ditugu, zer dakigu elikadurari buruz), eta etorriko diren joeren inguruan jardun nahi dugu, ea gai garen aurreikusteko zer-nolako jardunbideak behar diren etorkizun osasungarriago bat eraikitzeko.
Abiapuntu hori ENPE Azterketatik aterako dugu (Espainiako Herritarren Elikadura ohituren eta Nutrizio Egoeraren inguruko Azterketa da). EROSKI Fundazioak sustatu du lan aitzindari hori, eta Javier Aranceta doktoreak gidatu du, eta bertako datuekin, askoz gehiago jakingo dugu Espainiako herritarren elikadura-ereduen inguruan eta horien nutrizio egoeraren inguruan. Urtebete iraun du azterketa horrek, eta lau alditan banatuta egin zaizkie galderak herritarrei; guztira, 6.800 lagunek parte hartu dute, adin eta autonomia erkidego guztietakoak, eta azpimarratu behar da elikadura arloko ohituren inguruan Espainiako Estatuan inoiz egin den azterketa zientifikorik osatuena dela. Ekimen handinahia izan da, eta ziur gaude oso baliagarria gertatuko zaiela osasun arloko agintari eta erakundeei, eta baita elikaduraren gaiarekin zerikusia duten gainerako eragileei ere (banaketa arlokoei, besteak beste), etorkizunean estrategia egokiak planifika ditzaten herritarren artean elikadura orekatua eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.
Jardunaldi honetan ikuspegi bat baino gehiago agertzea nahi dugu eta bakoitzak bere erara irudikatzea etorkizuneko elikaduraren mapa. Hainbat arlotako espezialistak gonbidatu ditugu, eta horien ekarpenei esker jakingo dugu elikatzeko ohiturak nola aldatuko diren herritarrak zahartu ahala, ikusiko dugu elikagaiak sortzen dituzten alergiek eta intolerantziek prebalentzia handiagoa izango ote duten datozen urteetan, eta ulertuko dugu bioteknologiak zer-nolako ekarpena egin dezakeen nutrizioaren arloan. Horretaz gain, zenbait estrategia aipatuko ditugu Mediterraneoko Dietak dakarren elikatze-eredu osasungarria nola zaindu daitekeen ikusteko eta elikagaiak ekoizteko eredu iraunkorrak eta ingurumena errespetatuko dutenak nola susta daitezkeen jakiteko; era berean, arreta jarriko diegu Administrazio Publikoek osasuna sustatzeko egiten dituzten proposamenei ere. Eta nola ahaztu gastronomiaren eremua eta zeregina! Gaur egun interes handia sortzen du arlo berritzaile horrek, eta, gainera, jardunaldia egingo den lurraldearen ondare garrantzitsua da.