EROSKI FUNDAZIOAK ETA UNILEVER-EK 2. IMAGINE FOOD-EKO SARIAK BANATU DITUZTE

  • Espainia osoko 6 eta 12 urte bitarteko 900 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute marrazki lehiaketa hau egin den bigarren aldian.
  • Arrasateko, Sevillako eta Toledoko hiru ikaslek irabazi dute, hurrenez hurren, sariaren hiru kategorietan
  • Peio Gartzia sukaldaria arduratu da aurten ere marrazkiak egiazko bihurtzeaz eta plater osasungarriak prestatzeaz; liburu batean bildu dituzte errezeta guztiak
  • EROSKI Fundazioaren "Hazteko Energia" heziketa programaren barnean antolatu dute sariketa hau; aurten, laugarren urtea du, eta parte hartzea 75.000 ikasletara iritsi da
     

Elorrio, 2016ko apirilaren 18a.- EROSKI Fundazioak banatu ditu bigarren urtez antolatu den Imagine Foodeko sariak, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat egiten den marrazki lehiaketakoak. Hauxe da proposamenaren asmoa: ikasleak, irakasleak eta gurasoak kontzientziatzea elikatzeak osasunean duen garrantziaz eta erakustea sano jatea goxoa eta dibertigarria izan daitekeela. Aurten, Unileverren kolaborazioa izan du lehiaketak.

Lehen Hezkuntzako lehen zikloko (1. eta 2. mailak) ikasleen kategorian, Tirso de Molina ikastetxeko Lucia Olveirak irabazi du, Argesen (Toledo), Verdufish maitekorra proposamenarekin. Lehen Hezkuntzako bigarren ziklokoetan (3. eta 4. mailak) Arrasatekoa (Gipuzkoa) izan da irabazlea: Arizmendi Ikastolako Irati Unamuno, Unibertsoa errezetarekin. Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklokoetan (5. eta 6. mailak), berriz, Sevillako Alfares ikastetxeko Rafael Carracedok irabazi du, Ezpatariak proposamenarekin. Hiru irabazleei bizikleta bana eman diete, eta haien ikastetxeei 2.000 euro, eraikinetan bizimodu osasungarriagoa egiteko balio duten hobekuntzak egiteko.

"Imagine Foodek lehen aldian izan zuen harrera ona dela eta, animoz hartu genuen berriz antolatzearena, eta emaitza zoragarria izan da, 908 marrazki (lehen urtean 550 izan ziren) eta lehiaketaren webguneak trafiko izugarria: 90.000 ikustalditik gora eta 65.000 erabiltzaile bakar baino gehiago bi aldietan. EROSKI Fundazioarentzat, haurrei elikadura osasungarriaren heziketa ematea lehentasunezko helburua da, eta uste dugu horretarako modurik onena jarduera ludikoen bidez ematea dela. Esaterako, lehiaketa honen bidez. Gainera, plataforma eraginkorra bihurtzen ari da era orekatuan jaten ikasteko", esan du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKI Fundazioko zuzendariak.

Hiru marrazki onenak aukeratzeko, honako honi erreparatu diote: menu orekatu baterako originala, estetikoa eta egokia izateari. Lehiaketaren finaleko marrazkiak paperetik Peio Gartziaren sukaldera joan dira, eta bera arduratu da aurten ere plater goxo eta osasungarri horiek errealitate bihurtzeaz. Gainera, finaleko hogeita hamar errezetak liburu batean bildu dira; liburu horretan, errezetak ez ezik marrazki originalak datoz, eta, gainera, plater bakoitzaren semaforo nutrizionala.

Epaimahaian, hor izan dira EROSKIren Elikadura Eskolako ordezkariak eta Basque Culinary Centerreko sukaldari profesionalak, eta haiek aukeratu dituzte finalerako 30 lehiakideak. Ondoren, webgunean erregistratu diren parte-hartzaile gazteek botoa eman diete finalean sartu diren marrazkietatik hamar gogokori. Gero, epaimahaikideek hiru marrazki bereizi dituzte emaitzarik onenak lortu dituzten marrazkien artean.

"Hazteko Energia" Heziketa Programaren laugarren urtea

Lehiaketa hori EROSKI Fundazioak laugarren urtez martxan jarri duen honako programa honen parte da: Hazteko Energia, Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programa. Aurtengo laugarren aldi honetan (2015-2016ko ikasturtea), programa partaidetza kopurua handitzen ari da, eta, dagoeneko, Espainia osoko 900 ikastetxetako 75.000 ikasletik gora ditu. Lau aldiak kontuan hartuta, Espainiako Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %15ek parte hartu dute Hazteko Energia programan.