ESPAINIAKO HERRITARREN HEREN BATEK OSASUN ARAZO KRONIKOAK DITU, BAINA %12K BAKARRIK ALDATZEN DU BERE DIETA HURA TRATATZEKO

Casi un tercio de la población Española padece problemas de salud crónicos pero solo el 12% cambia su dieta como parte del tratamiento

Horrela ondorioztatzen da Espainiako herritarren jateko ohiturak eta nutrizioa nolakoak diren jakiteko 3.100 pertsonari egindako bigarren inkesta sortatik

ESPAINIAKO HERRITARREN HEREN BATEK OSASUN ARAZO KRONIKOAK DITU, BAINA %12K BAKARRIK ALDATZEN DU BERE DIETA HURA TRATATZEKO

  • EROSKI Fundazioak babestutako ENPE Espainiako herritarren jateko ohituren eta nutrizio egoeraren azterketako zuzendari zientifikoak, Javier Aranceta doktoreak, aurreneko datuak eman ditu, eta datu horiekin, Espainiako herritarren nutrizio egoeraren erradiografia ikus daiteke
  • Esan daiteke medikua dela Espainiako biztanleen jateko ohiturei eta nutrizioari buruzko informazio iturri nagusia, eta, komunikabideetan, Internetek nabarmentzen du kontsulta iturri modura
  • Herritarren heren batek baino gutxiagok egiten dio kasu elikagaien etiketan datorren informazioari, iraungitze datatik kanpo

Madril, 2015eko otsailaren 19a.- Egun hauetan, Nazioarteko XIX. Nutrizio Praktikoaren Jardunaldiak ari dira egiten Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntza Fakultatean, eta gaur aurkeztu dituzte emaitzak Espainiako herritarren jateko ohiturak eta nutrizio egoera zer-nolakoak diren jakiteko egin duten bigarren inkesta sortarenak. Ikerketa horren helburua da jakitea eta ebaluatzea nolakoak diren Espainiako herritarren ohiturak eta nutrizio egoera, autonomia erkidegoetatik 6.800 pertsonako lagin esanguratsu bat hartuta. Espainian egin den ikerketarik osoena da egundaino, EROSKI Fundazioak martxan jarria bere Elikadura Eskolaren bidez, elikadura orekatua eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko.

Javier Aranceta doktorea da EROSKI Fundazioak babesten duen ENPE ikerketako zuzendari zientifikoa. Alor hauetako karguak dauzka: Nutrizio Komunitarioko irakasle elkartua Nafarroako Unibertsitatean (SENC) eta Nutrizioaren Espainiako Akademiako lehendakariordea (AEN). Emaitzak aurkeztu aurretik, Aranceta doktoreak hauxe gogorarazi du: "Krisi ekonomikoaz geroztik jateko ohituren eta nutrizio egoeraren gainean egin den ikerketarik zorrotzena eta osoena da. Horri esker, Espainiako elikadura ereduak ebaluatu ahalko ditugu, eta gure herrialdeko jateko ohiturak eta bizi estiloak hobetzeko ekintzak planifikatu".

Espainiako herritarren osasun eta nutrizio egoera

Aranceta doktoreak aurkeztu ditu autonomia erkidego guztietako 3.100 laguni 2014ko apiriletik irailera egindako bigarren inkesta sortaren datuak. Besteak beste, emaitzek erakusten dute elkarrizketatuen %29k badutela osasun arazo kroniko gero eta nabariagoren bat. Arteria hipertentsioa, hiperkolesterolemia eta diabetesa dira espainiarren osasun arazo kroniko sarrienak. Bestalde, inkestetan ageri da %12k bakarrik aitortzen duela bere eguneroko dietan aldaketaren bat egin izana arazoaren prebentzio tratamendu modura, eta emakumeek gehiago aldatzen dutela beren dieta. Osasun arazo bategatik dieta ereduan espainolek egiten dituzten aldaketa nagusiak hauek dira: grasa, azukrea eta gatza gutxitzea eta, hein apalagoan, janari kopurua txikitzea.

Zabalduen dauden kontsumo ohiturak

Arancetak esan duenez, azterketaren fase honetako datuek hau erakusten dute: "Galdekatu gehienek eguneko hiru otordu nagusiak egiten dituzte, nahiz eta nutrizio aditu nagusiek dioten egunean bost egitea komeni dela". Inkestek ageri dutenez, gosaria galdekatuen %91k errespetatzen dute, bazkaria %99k eta afaria %97k. Hala ere, %44k ez du ezertxo ere hartzen eguerdi arte osoan, eta %38k ez du meriendarik egiten.

Gosaltzean, esnea, kafea eta ogia dira gehien hartzen diren janariak; biztanleen %50ek baino gehiagok hartzen dituzte. Goiz erdian, fruta eta ogitartekoa dira ohikoenak. Merienda orduan, fruta, esnea, ogitartekoa eta kafea dira ohikoenak. Bazkaltzean jaten denari dagokionez, herritarren %80 inguruk lehen eta bigarren platera beroak jaten dituzte, eta, edateko, ura; %50ek baino gehiagok jaten dituzte honako hauek ere: fruta, ogia eta lehen plater hotza.

Bigarren sortako inkestaren xehetasun gehiago eman aurretik, azterketako zuzendari zientifikoak gogorarazi du eragina dutela "jatorduen iraupenak, mahaikideek eta jan bitartean izaten diren jarduerek". Galdekatuen erdiek adierazi dute hamar minutu baino gutxiago ematen dituztela gosaltzen, %71k 30 minutu baino gutxiago bazkaltzen eta heren batek 20 minutu baino gutxiago afaltzen. Elkarrizketatuen %42k bakarrik gosaltzen dute, inor gabe, eta %20k familian. Bazkaria eta afaria familian egiten dute, hurrenez hurren, %36k eta %44k.

Espainiarren ohituren artean, otorduetan telebista ikustea dago zabalduena, azterketa fase honek erakutsi duenez; zehazki, %44k ikusten du gosaritan, %63k bazkaritan eta %67k afaritan. Horretaz gainera, maiz izaten dira elkarrizketak otorduetan; %40 gosaritan, eta erdia baino zertxobait gehiago bazkaritan eta afaritan, landa lanean bildutako datuek azaldu dutenez.

Elikaduraren eta nutrizioaren gaineko kontsultaren iturriak

Medikua da elikaduraren eta nutrizioaren inguruan informazio iturri lehena inkestatuen %36rentzat. Jotzen da bestelako osasun profesionalengana ere kontsultak egiteko: %11k erizaindegikoei galdetzen dizkie zalantzak, eta %10ek dietista-nutrizionistei. Ingurune soziala ere kontsulta iturri esanguratsua da; %20 baino gehiago fidatzen da senideekin eta ia %11 adiskideekin.

Komunikabideei dagokienez, Internet nabarmentzen da; maiz erabiltzen dute inkestatuen %15ek, eta noizbehinka %14,5ek. Zabalkunderako aldizkariak ohiko erreferentzia dira %11rentzat, baina %31k baino gehiagok noizbehinka baino ez ditu kontsultatzen. Telebista ere ia %11rentzat da erreferentzia puntua.

Janariari buruzko informazio gaietan, gehien kontsultatzen direnek zerikusia dute osasun arazoekin, eta horren ondoren datoz umeen elikadurarekin eta argaltzeko dietarekin zerikusia dutenak.

Etiketak elikadura eta nutrizio informazio gisa erabiltzeari dagokienez, herritarren %76k diote iraungitze datari erreparatzen diotela. Herenak baino gutxiagok dio elikagaien etiketetan datozen gainerako datuei erreparatzen diela. Eta gehiena kontsultatzen dutena zera da, ontziaren kantitatea eta osagai zerrenda. Inkestatuen %11k bakarrik erreparatzen diote etiketek dakarten nutrizio informazioari.

Aranceta doktoreak hauxe esan du amaitzeko: "2015eko udazkenean azterketa amaitu arte egon beharko dugu Espainiako gizartearen emaitza segmentatuak, osoak eta estatistikoki esanguratsuak izateko; edonola ere, ari dira finkatzen zenbait alderdi".

 

Espainiako herritarren nutrizio eta elikadura ohiturei buruzko ikerketa, EROSKI Fundazioak sustatua

  • Ikerketan erabili den jende kopurua: ausazko 6.800 pertsona.
  • 400 pertsona autonomia erkidego bakoitzeko.
  • Hamabi hilabeteko ikerketa izango da, eta ondorioak pixkanaka azalduko dituzte, urtea aurrera joan ahala.
  • Lau adin talde: 3-8 urte artekoak, 9-18 urte artekoak, 19-64 urte artekoak eta 65 urtetik gorakoak.
  • Behin baino gehiagotan jo da pertsona bakoitzarengana galdera egiteko, besteak beste, jateko ohiturez, historia dietetikoaz, izandako gaixotasunez, kontsumitzen dituzten botikez, jarduera fisiko maila tipifikatzeko, elikagai segurtasunaz, etiketez eta elikagaien eta nutrizioaren gaineko jakintzaz.
  • Ikerketaren hasierako fasean, asmoa da jakitea zein den elikadura ohituren egoera, zein den herritarren bizi estiloa eta zein diren faktore erabakigarriak, etorkizunean osasunaren gaineko promozio ekintzak zientzian oinarritutako irizpide objektiboen eta iraunkorren arabera prestatzeko. 

EROSKI Fundazioaren ENPE ikerketaz gehiago jakiteko,

Nieves Herranz: nieves.herranz-garcia@sprim.com

Laura Sanz: laura.sanz@sprim.com

Tel: 91 577 90 65

 

EROSKIz eta EROSKI Fundazioaz gehiago jakiteko,

Ziortza Beristain: zberistain@consejerosdelnorte.com

Edurne Izquierdo: eizquierdo@consejerosdelnorte.com

Tel: 944 158 642